Back Zentroa

Basque Center on Cognition, Brain, and Language (BCBL) nazioarteko zentroa, Ikerbasque, Innobasque, UPV-EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanetik sortua, kognizioaren, burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketa sustatzen duen disziplina arteko zentroa dugu.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dagoen jakintza-alor anitzeko ikerkuntza zentroa dugu BCBL. Zentro honek ikerketaren bikaintasuna bilatzen du, prestakuntzan lan eginez eta Hizkuntzaren Neurozientzia kognitiboaren arloko ezagutzak zabalduz.

Gure ikerkuntza jardueraren xede zehatza zera da: hizkuntzaren eskuratzean, ulermenean eta ekoizpenean parte hartzen duten mekanismo neurokognitiboak ezagutzea, elebitasun eta eleaniztasunari garrantzia berezia emanez. Honi esker, zenbait gauza aztertu ahal izango ditugu: haurrek hizkuntza bat normaltasunez eskuratzean edo helduek bigarren hizkuntza bat ikastean ematen diren prozesuak, hizkuntza bat ikastean gerta daitezkeen nahasmenduak, hizkuntzaren nahasmenduak, hizkuntza eta neuroendekapenarekin loturiko zahartzaroaren ondorioak eta testuinguru ezberdinetan egon daitezkeen hizkuntzaren erabilerak.

Hizkuntza giza-gaitasunik paregabeena da eta prozesu kognitibo konplexuak barne hartzen ditu. Irakurtzea eta idaztea gure zibilizazioaren kultura-garapen harrigarrienak dira eta aldi berean, pertsona bakoitzaren bizitzako garapen-mugarri garrantzitsuenak.

Manuel Carreiras

BCBLko zuzendaria

Aims of the BCBL

  1. Neurozientzia Kognitiboaren baitan ikerketa eta berrikuntza garatzea, arreta berezia jarriz hizkuntzaren prozesamenduan eta elebitasunean.
  2. Ikerketa zientifikoa sustatzea eta Neurozientzia Kognitiboaren alorrean nazio mailako zein nazioarteko harremanak bultzatzea, eta ikerketa horren emaitzak gizarte sozioekonomiko zabalera hedatzea.
  3. Neurozientzia Kognitiboaren, Hizkuntzaren eta Elebitasunaren gaineko ezagutza elkar trukatu eta zabaltzea, Euskal Herrian bertan zein atzerrian; horretarako ikastaroak, mintegiak, nazio mailako zein nazioarteko batzarrak eta bestelako komunikazio bide egokiak baliatuko dira.
  4. Graduatu aurreko eta graduatu ondorengo prestakuntzan eta heziketa-programetan parte hartzea eta ikertzaile gazteak zientzia-alor honetan aritu daitezen bultzatzea.
  5. BCBLko langileen prestakuntza eta garapen iraunkorra erraztea eta ikerlerro ezberdinetan euren parte-hartzea bultzatzea.
  6. Instituzio publiko zein pribatuekin, zentroekin eta industriekin elkarlan loturak eta interes komunak sortzea; helburu gisa edukita ikerketa, prestakuntza, aholkularitza eta zerbitzu teknologikoak baliatzea, BCBLn garatutako lanari ahalik eta etekin sozial eta ekonomiko handiena atera ahal izateko.

Promoter